Kolaborazioak

2010/02/08

SORTU ETA ERAGIN!

Oskar Zapata Solano - Nafarroako Topagunea

Kaguenka! bukatu genuen 2009. urtea Topagunekook, euskalgintzako beste

hainbat eragilek bezala: haserre, irainduta, nazkatuta… Hau da, toxinaz beteta.

Nahikotxo hitz egin da euskarazko hedabideek merezi ez duten tratuaz, euskaraz zein

erdarazko Euskal Herri osoko hedabideetan. Hauxe da gertatu denaren gainean egin

dezakegun irakurketa positibo bakarra: alde batetik, hainbat enteratu dira existitzen

garela eta egituratu samar gaudela, eta bestetik Euskarabidearen sorrerarekin

Nafarroako Gobernuak egin zuen distrakzio maniobra berez erori egin dela, agerian

geratuz, Nafar Gobernuak daraman hizkuntza politika euskarafobiko, mendekatzaile

eta aldeanoa ezkutatzeko, Euskarabidea erabiltzea dela euren asmo bakarra,

horretarako Euskarabideako zuzendaria ipurdia agerian utzi behar badu ere.

Bestelakoa izan zitekeen Institutua baliabidez hornitu izan balute, baina ez.

Gero elkarbizitzaz hitz eginen digute. Nork eta gizartearen gutxiengo handi baten

nahiak, eskubideak eta kultura errespetatzen ez dituenak.

Gaurkoan ordea ez dut gehiago hedabideen gaiaz hitz eginen, mingarria den

arren ez baita kaltetua atera den sektore bakarra, ez horixe. Azken bi urteko

aurrekontuek, euskararen erabilera sustatzeko ekimen guztiak kaltetzea dute helburu:

hedabideak, haur eta gazteen aisialdia, kultur programazioa, entitateak euskalduntzeko

programak, mintzapraktika egitasmoak, herritarren sentsibilizaziorako ekimenak,

euskaltegiak, irakaskuntza... Hau da, erasoa erabatekoa da, helburu garbia duena:

euskaraz bizi nahi dugunontzako esparruak irabazteko egindako lanak ahalik eta

gehien trabatzea, horretan aritzen diren eragileei diru-laguntzak erabat murriztuz.

Nafarroako euskaltzaleok, gure Gobernuaren babes juridiko, politiko eta

ekonomikorik gabe aurrera egin behar dugu. Gainera, kontziente gara, Gobernuak hiru

plano horietan orain ukatzen duen babesa ezinbestekoa dela, gizartearen

inplikazioarekin batera euskararen erabateko normalizazioa lortuko bada.

Egoera larria dela jakin badakigu. Horren aurrean zer? galdetu dute hainbatek.

Gure ustez, zailtasunaz zailtasun bi planotan lan egin behar dugu: alde batetik

sormenetik tiraka inurrien antza auzoz - auzo, herriz – herri antolatu, hiztun sareak

osatu, erabilerarako esparruak irabazi, diru iturri berriak bilatu…. Eta, beste aldetik

Nafarroako euskaltzaleon nahia ozenago entzun dadin ekimen bateratu eta

jarraituak antolatu; horretarako Nafarroan gero eta euskaltzale gehiago egon gaitezen

diskurtso eta ekimen erakargarriak gizarteratu, politikariekin harremanak ugaritu,

botere ekonomikoarengan ahal dela eragin, kale agerpen indartsuak egin e.a.

Lehendabiziko egitekoari, hots, auzoz auzo saretze lan horretan, inozokerietan

erori gabe, zerbait aurreratua dugula esan dezakegu, ez baita alferrik urteetan

euskalgintzakook langintza horretan sortutakoa : ikastolak, euskaltegiak, hedabideak,

aisialdi eta kultur programak, mintzakide, komertzio eta profesionalen gidak…

Bigarren egitekoari dagokionean, Topagunea etxeko lanak egiten ari da; izan

ere, azken urte hauetan, euskararen erabileran eragitea helburuarekin sortu diren

euskara elkarte eta ia hedabide guztiak federatu baitira Topagunean. Horren ondorioz,

esan dezakegu euskalgintzaren hanka bat Topagunearen inguruan egituratu dela eta

horrek lagungarri izan behar lukeela Nafarroako euskalgintza egituratzen eta batzen.

Beraz, Topagunea prest dago, euskalgintza eta Nafarroako gizarte

euskaltzaleekin diskurtso eta dinamikak adostu eta elkarlanean aritzeko.

“El Drogas” -ek esana: Pentsatzeari uzteko garaia iritsiko zaigu hiltzen garenean,

bitartean…

Zure iritzia

Botoa prozesatzen…

Orain gutxi egindako zure iruzkina hemen ikusten ez baduzu moderazio bidean dagoelako da

Erantzun :

En Nabarreria.com puedes expresar tu opinión sobre todas las noticias, y aquí aparecerán todos los comentarios que envíes.

Atala guk moderatzen dugu eta testuak ez dira zuzenean argitaratzen, erredakzioan gainbegiratu ondoren baizik. Nabarreria.com se reserva el derecho a rechazar aquellos comentarios que no guarden unas mínimas normas de respeto hacia los demás.